2024-2025 ikasturtean, 130 gazte baino gehiago bildu dira Gainberriko instalakuntzetan erdi eta goi mailako heziketa zikloetan. Energia eta motibazioz kargatuta iristen dira prestakuntza profesionalizatzailerako. Izan ere, lanbide heziketak, lan munduko zein unibertsitaterako ateak irekiko dizkie.
Gaur egun, Gainberrin ematen diren 3 heziketa zikloak itunpekoak dira. Erdi Mailako Natur Inguruneko gidari lanetako eta aisialdiko teknikaria izatekoa batetik, Goi Mailako Gizarte eta Kirol Irakaskuntzako eta Animaziokoa bestetik eta Egokitzapen Fisikoko Goi Mailako teknikaria izatekoa azkenik.
Ikasturte berezi bat lehen promozioko ikasleentzako
Ikasturte hau oso esanguratsua da ikastetxeko lehen promozioko ikasleentzako. Izan ere, 4 urtez luzatu den zikloa amaitzen dute, Erdi Maila zein Goi Mailako titulua lortuz.
Gainberrik 21/22 ikasturtean hasi zuen kiroletako lanbide heziketako proiektua, Tolosaldeko gizarte eta hezkuntza errealitatera egokituz eta gorputz- eta kirol-jardueren inguruan interesa duten gazteen prestakuntza- eta laneratze-premiari aurre eginez.
LH dualeko praktikak enpresan
Erdi Mailako eta Goi Mailako lanbide heziketaren barruan, enpresako praktikaldia ere sartzen da, eskolako ikasketaldiaz gain. Berrikuntza gisa, ikasleek ikasturte honetan 608 orduko praktikaldia egingo dute enpresetan. Praktika horiei esker, neska-mutilek beren gaitasun tekniko zein pertsonalak landuko dituzte ingurune erreal batean. Honek, gerora lan munduan barneratzen lagunduko die.




