Nazioarteko proiektuek zeharkako gaitasunak lortzen laguntzen dute, baita aukerak zabaltzen ere eta gaur egun hain beharrezkoa den ikuspegi globala lortzen. Horregatik, Gainberrik ikasle zein irakasleei zuzendutako nazioarteko ekimenetan parte hartzen du.
Ikasleei zuzendutako nazioarteko mugikortasun programak, zein beste herrialdeetako irakasleekin praktika on eta esperientziak partekatzeko aukerak, gaur egun, lanbide heziketako zentroetako egunerokoan txertatuta daudela esan daiteke. Izan ere, lanbide heziketako zentroek, gure ikasleak lan mundurako ahalik eta hoberen prestatu nahi ditugu eta gaur egungo lan merkatua, nazio ezberdinen artean erabat konektatuta dagoela esan daiteke.
Mugikortasun bekak
Hetel Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen elkartearen bitartez, Gainberrik ikasturtero Erasmus nazioarteko mugikortasunerako beka bat eskura dezake erdi-mailako zikloa ikasten ari diren ikasleentzako. Horri esker, Natur Inguruneko Gida eta Aisialdiko ikasleak Maltara joateko aukera izan dute uretako jardueretan lan egiteko, oso esperientzia pertsonal eta profesional aberasgarria izan dutelarik.
Irakasleentzako mugikortasun bekak ere lortzen ditugu, hala nola gure irakasleetako bati Eskoziako City of Glasgow College-ra bidaiatzeko aukera eman ziona, beste LHko lau zentrorekin batera, enplegagarritasunaren eta ekintzailetzaren gaia ardatz hartuta.
Esperientzia trukea Esloveniarekin
Lanbide heziketan, enpresa sarearen errealitate aldakorrarekin, ikastetxeen eta elkarteen arteko elkarlana funtsezkoa da. Ildo horretan, Hetelen parte izateak aukera ematen dio Gainberriri lurraldeko LHko beste ikastetxe batzuekin lankidetzan aritzeko eta sinergiak areagotzeko, baita beste herrialde batzuetakoekin ere.
Pasa den ikasturtean, Euskal Herriko LHko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko bidaia baten baitan eta Goierri Eskolaren bitartekaritzari esker, Esloveniako Osnovna šola Ljubo Šercer ikastetxeko bi irakasle Gainberrin izan ziren eta gure irakasle-taldearekin esperientziak partekatu zituzten. Bide beretik, Hetel-i esker ere, komunikazioan praktika onak ikasi genituen Finlandiako Luovi zentroaren eskutik.


