Buscar:

Udara amaitu eta ikasturte berria hasi da Gainberrin, 2025-2026 ikasturtean Tolosako zentroan ikasiko duten 122 ikasleentzat.

Ikasle askorentzat, lehen egunak aurreko ikasturteko ikaskide eta irakasleekin berriz elkartzeko uneak izan dira. Beste batzuentzat, berriz, etapa berri baten hasiera da, ilusioz betea, kirolaren edo
dietetikaren arloko erdi zein goi mailako heziketa ziklo baten bidez beren prestakuntza bideari jarraipena emateko asmoarekin.

Ikasturteko lehen asteetan, gaur egun eskaintzen ditugun lau heziketa zikloetako ikasleen arteko jarduera bateratuak egin dira, elkar hobeto ezagutzeko helburuarekin.

Lehen mailako ikasleei dagokienez, guztiak Usabalgo instalakuntzetara joan ziren, eta han, dinamika eta talde-jokoen bidez, harremanak eraikitzen hasi ziren, bai beren ikaskide berriekin, bai beste zikloetako ikasleekin ere.

Bigarren mailako ikasleek aldiz, padeleko eta crossfit-eko saio bat izan zuten, aurreko ikasturteko ikaskideekin berriro ere elkar konektatzeko eta giro atsegin batean harremanak berpizteko asmoz.

Aldi berean, jarduera horiek aurtengo eduki berriekin lehen kontaktua izateko baliagarriak izan dira.

 

Dietetikako heziketa ziklo berria

Aurten, hezkuntza-proiektuari ziklo berri bat gehitu diogu Gainberrin: Osasun arloko Dietetikako goi-mailako heziketa-zikloa.

Lehenengo promozioak 14 ikasle ditu, eta ziklo honen bidez, dieten plangintza, elikagaien kalitate-kontrola, nutrizio-hezkuntza eta osasunaren sustapena bezalako gaitasunak eskuratuko dituzte,
besteak beste.

Horrez gain, dietetikako ziklo berriak elikadura eta jarduera fisikoaren arteko loturan jarriko du arreta berezia. Horrela, ikuspegi berezia eskainiko du, Tolosako zentroaren espezializazio-eremua den jarduera fisikoarekin bat etorriz. Hori horrela, Gainberriko Dietetikako zikloa osasunaren eta errendimendu fisikoaren sektorearen egungo beharretara egokitutako eskaintza izango da.