Ikasturte honetan, Gainberri ikastetxeko Gizarte eta kirol irakaskuntza eta animazioko goi mailako heziketa zikloko ikasleak, Jatorkin elkartearekin lankidetzan aritu dira, egoera administrativo irregularrean dauden gazte etorkinen gizarteratzea sustatzeko.
Jatorkin, Tolosaldeko magrebitar etorkinak integratzearren lan egiten duen elkartea da. Bere egoitza soziala, Tolosan kokatzen da. Elkartearen helburua, etorkinen giza eskubideak defendatzea izanik, etorkinen eta bertako biztanleen arteko elkartasuna eta elkarrekiko errespetua sustatzea bilatzen du.
Helburu honi helduz hasten da Gainberriren parte hartzea. Gizarte eta kirol irakaskuntza eta animazioko bigarren mailako ikasleak, inklusioa dute ikasturteko ikasgaietako bat. Ikasgai honen bidez, Jatorkin elkartearekin elkartu eta lankidetzan aritu dira, ikasle zein elkarteko kideak, hauen harremana sustatu eta indartuz, esku hartze zein ekintza ezberdinen bidez.
Bizipen proiektu honen helburu pedagogikoa, gazteei zerbitzua eskaintzea eta aldi berean, Gainberriko ikasleen guztiz ezberdina den errealitatea bizi duten gazteen egoera agerian uztea. Etorkizuneko kirol-teknikariek Argelia, Maroko eta Senegaldik etorritako 20-30 urte bitarteko gazteekin lan egin dute, besteak beste.
Lehen esku hartzean, aire libreko jarduera bat burutu zen: Gainberriko ikasleek, mendian zehar egiteko ibilbide bat antolatu zuten, non inguruneak eskaintzen duen abantailaz gain,garrantzitsuena ikasle eta gazteek dinamizatutako jolas eta jarduerak izan ziren, hauen elkarreragina eta harremana eraiki ahal izateko. Hizkuntza oztopo izanik, ikasle eta gazteen artean komunikatzeko gai izan ziren, eta elkarrengako lotura ezartzen hasi ziren.
Bigarren topaketan, Jatorkin elkarteak Gainberri ikastetxeko ikasleak gonbidatu zituen, sokatira, txinga erute, zaku lasterketak, Toka eta Lokotx bilketa bezala jolas tradizionalekin herri kirol jardunaldi bat dinamizatzera.
Azkenik, hirugarren esku hartzea kirol jarduerak izan ziren, boleiboleko hastapen ariketekin eta partida laburrekin. Kirol saioa amaitu ondoren, proiektuko kide guztiak Gainberri ikastetxera hurbildu ziren ikasleek antolatutako hamaiketakoaz gozatzera, bertan jasoz parte hartzaile guztien esker ona eta berotasuna.
Ikasturteko lehen lau hilekoan burutu diren hiru esku hartze edota ekintzaz gain, ikastetxean arropa biltzeko kanpaina ere antolatu zen. Bertan, neguari begira Jatorkin egoitzara bidaltzeko, manta, lotarako zaku, esku oihal eta abar ugari bildu ziren.
Azken batean, proiektuaren balorazioa oso baikorra izan da bi aldeentzat.
Jon Bonilla, Gainberriko irakasleak dio: “ Inklusioaren irakasgaian, bazterketa-arriskuan dauden kolektibo ezberdinekin lan egiten dugu ( hirugarren adineko pertsonal, gaixotasun mentalak dituzten pertsonak, etorkinak) eta horrek curriculumak dion lanaz haratago, inguratzen gaituen gizarte arazoen kontzientzia sortzea ahalbidetzen du, eta ekintza txikiekin aldaketak egiteko gai garela erakusten digu. Plazer handia izan da Jatorkinekin elkar lanean aritzea, proiektu maitagarria izan da, eta espero dugu hurrengo ikasturteetan ere jarraipena izatea. “
Ibone Aristegui, Jatorkin elkarteko langileak azaltzen du: :Modu informal eta inprobisatuan sortutako proiektu piloto txiki hau oso modu baikorrean baloratu da gure erakundean. Elkarteko erabiltzaileek asko gozatu dute burututako jarduerekin eta eskertzekoa izan da Gainberriko ikasleen jarrera aktiboa beraiekin elkar eragiteko orduan. Burutu diren ekintzak, jardueren helburua bete dute: integrazioa bultzatu eta kirolaren bidez harreman baikorrak sustatzea.”