Gainberriko 60 ikasle baino gehiagok lantokiko prestakuntzari hasiera eman diote otsaila eta martxoan, jarduera fisikoen familiako erdi mailako eta goi mailako teknikari izateko prestakuntza osatu ahal izateko.
Erdi mailako( natura inguruneko gidari lanetako eta aisialdiko teknikaria) eta goi mailako
( egokitzapen fisikoko goi mailako teknikaria eta gizarte eta kirol irakaskuntzako eta animazioko goi mailako teknikaria) etorkizuneko teknikariak, curriculumean aipatzen den bezala, derrigorrezko lantokiko prestakuntza osatu behar dute.
Praktika aldien hautaketa prozesua, lantokian hasi baino hilabete batzuk lehenago hasten da. Ikasle eta irakasleen artean, aurretiko bilaketa lan bat egiten dute, kasu bakoitzari hobekien egokitzen den enpresaren bila. Halaber, kontuan hartzen dira ikaslearekiko lan tokiak duen hurbiltasuna, eta honek duen ordutegia bat datorrela gazteek eduki ditzazketen bestelako ekintzekin. Garrantzitsua izan ohi da ere, ikasleak lan tokian izan dezakeen laneratzeko aukera etorkizunean.
Kirol arloko profesionalen lan eskaera handia dela eta, batzuetan ikasleak beren praktikak amaitu eta enpresan bertan lan eskaintza jaso ohi dute. Kasu hauetan, lan jarduera eta ikasketen jarraipena uztartzeko aukera emango duten ordutegiak adosten dira.
Egindako azterlanen eta ikasleen lehentasunaren arabera, ikasleek aretoko teknikari, entrenatzaile, sorosle, natura inguruneko gidari, monitore, dinamizatzaile etab. gisa lan egiten dute aukeratutako disziplina erakundeetan, hala nola, kiroldegi,gimnasio,kirol klub, ikastetxe, egoitzak, abentura parkeak, hipika etab.
Lantokiko prestakuntza, gehienetan ikasleak lan munduan duen lehen kontaktua izan ohi da. Aukera honi esker, testuinguru erreal batean gaitasun sozial eta profesionalak garatu eta, curriculuma hobetzen dute. Lantokiko prestakuntzak, eragin oso baikorra du ikastetxe zein enpresetan.
Iñigo Izeta, kirol zerbitzuak eskaintzen dituen BPXport enpresako langileak dio: “BPXport enpresarentzat, Gainberriko ikasleak praktiketan hartzea bide bikaina da talentua ezagutu eta jasotzeko. Gure sektorean etengabe egokitu behar dugu, datozen joera berrietara eta Gainberrik eskaintzen duen prestakuntza guztiz bat dator gure filosofiarekin”.
Ikastetxeko zuzendaria, Gurutz Aginagaldek dio: “Ikastetxearentzat funtsezkoa da, praktiken bidez eskolaren eta enpresaren artean sortzen den elkar lana. Honek, ezagutza ezberdinen elkar trukea erraztu eta ikasketen kalitatea hobetzen du, lan munduaren benetako beharretara egokitzea ahalbidetuz”.